Garbiketa morearen aurrean Euskal Herriko mugimendu feministak proiektu erradikal eta kolektiboa jarri du erdigunean.

Aurten berriro ere kaleak bete ditugu, eta ozen eta argi esan dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Greba feministetatik greba orokorrera joan ginen eta gaur borroka egun izugarria lortu dugu. Zorionak!

 

Gainera,  Aurtengo Martxoaren 8an 20 urte betetzen dira Emakumeon Mundu Martxa plataforma mundu mailako lehenengo ekimena egin zuenetik. Urte honetan ere, “Bizitzeko erresistitzen dugu, eraldatzeko martxa gaude” lelo orokorraren baitan Nazioarteko V. ekintza antolatuko da mundu mailan. Ekintza honen helburuen artean, mugak zein transnazionalek egun jokatzen duten papera salatu eta migrazioaren errealitatea ikustarazteko erabili nahi dugu. Hortaz, Euskal Herrian ere, datozen hilabeteetan Nazioarteko ekintza prestatzeko lanetan murgilduko gara herrietan dinamika hauek pizteko eta Urrian ekintza bateratu bat prestatzeko helburua izanik. Denak aske izan arte martxan jarraituko dugu!

Gaur feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratu dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu.

Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi. Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin.

Haiekin eskubideen galera, hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak salatu eta borrokatuko dituen feminismoa defendatzen dugu; herrien suntsiketa eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa; pertsonak haien etxeak uztera behartzen dituzten derrigorrezko desplazamenduak, eta hesi arantzatuekin eta heriotza-politikekin jasotzen direnak; migrazio-politikek eta ultraeskuinak suspertutako arrazismoa eta xenofobia salatuko dituena. Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue!!

Arrazoi horiengatik guztiengatik irten gara kalera; suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egiteko, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideak urratzen dituen arrazakeria instituzionala apurtuko duen feminismoa aldarrikatzera irten gara. Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, kapazitismoa jo-puntuan jartzen du, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!

 

 

AURTEN ERE BORROKAN GAITUZTE! GORA BORROKA FEMINISTA!

ETIKETAK

Elkarbanatu!