Gure baitako mugak hautsi [M8 2021]

Feminismoetatik aspaldi diagnostikatu genuen kapitalismo patriarkalaren birfundatze zikloa, eredu hau sostengaezina zela ohartarazita. Jada urtebete igaro da eta agerian geratu da Covid19-aren krisiak utzitako egoera sozial eta politiko latza. Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ugarietako krisiak.

Bat-batean agerian geratu da, orain artean ezkutuan konpontzen ziren zaintza lanak bizitzari eusteko funtsezkoak direla. Lehertu zaiguna beraz, zaintza krisi bat da, eta aurreko krisialdietan bezala, emakumeak* izan gara kolpatuenak. Izan ere, bizitza sostengatzeko lan erreproduktibo guztia esparru feminizatuetan ematen da eta horietan klase gatazka oldarkorra izaten ari da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume* langileen eremuan, zaintza kate globalak bazterrean eta ikusezin nahi baititu. Marko horretan kokatu behar dugu Covid19-aren aitzakiaz gordinki azaleratutako arrazakeria, prekarietatea, errepresio eta gehiegikeria poliziala, emakumeen* aurkako bereizkeria eta herri burujabetzaren galera.

Gure bizitzak sostengatzea ez da errentagarria kapitalismoarentzat, horregatik egiturazko zapalkuntzak erabiltzen ditu etekinaren etengabeko gurpilak martxan jarrai dezan. Euskal Herrian gurpil horrek sigla jakinak ditu: Iberdrola, CONFEBASK, CAF, BBVA, ENDESA... Gure lurraldeetako gobernuek etengabe koipeztatzen dituztenak. Transnazionalak diruz hornitzean, beste herrialdeak esplotatzeko ateak irekitzen dituzte. Merkatu librearen logikak ardatz arrazista baten inguruan jokatzen du, izan ere enpresek munduan zehar erabateko askatasunez ustiatzen eta metatzen duten bitartean, Europako mugak migrazio politika hiltzaileen adierazle garbiena dira. Kapitalarentzat gure bizitzek ez dute apenas baliorik, eta heteropatriarkatuak eta arrazakeriak  balio hori lan esku merkera mugatzen dute.

Horregatik aurten martxoaren 8an sistemaren erro arrazista salatzea ezinbestekoa zaigu, izan ere, ezberdin kolpatzen bagaitu ere, aurrean daukagun munstroa berdina da. Zentzu horretan, Euskal Herrian sustraituko den Mugimedu Feminista antiarrazista bat artikulatzen jarraitu behar dugu. Bide horretan, gorputz zurioi dagokigu gure pribilegioen eta gure praktika arrazisten eraldaketa bat arduraz egitea, baina baita gure jardun militantetik egiturazko kolonialismoari aurre egitea ere. Betiere emakume* arrazializatuen lidergoa aitortuz eta egiturazko zapalkuntzei erantzungo dien eskubideen aldeko estrategia feminista zabalduz.

Bada garaia injustiziaz, esplotazioz eta zapalkuntzez eraikita dagoen sistema honetan ditugun pribilegioen berrikuspen bat egiteko eta guztiontzako unibertsalak izango diren eskubideak aldarrikatzeko. Bada garaia gure lurraldean inposatzen dizkiguten muga fisiko eta politikoak apurtzeko. Gure baitako mugak hautsi nahi ditugu, gorpuzten ditugunak eta sistemarenak. Erraietatik hasi eta Euskal Herri burujabe, feminista eta antiarrazista batera bidean.

 

Gora borroka feminista eta antiarrazista!

Euskal Herrian, 2021ko martxoaren 8an

Euskal Herriko Bilgune Feminista

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!