ARAKA DITZAGUN GURE BAZTERRAK

Maite ditut, maite, gure bazterrak...” kantatzen genuen behinola. Eta halaxe da, izan ere: arreta handiz aritu gara geure bazter pertsonalak zein kolektiboak deskubritzen, maitatzen eta zaintzen.

Bien bitartean, eraldatuz joan gara pixkana-pixkana; eraldatuz joan gara gu, eraldatuz joan da jendartea, eraldatuz joan dira gure borroka-eremuak... Eta ez dugu autokonplazentzian erori nahi.

Horrexegatik abiatu gara aditz berrien bila, ekintza berrien bila... Etenik gabeko eraldaketa prozesu honen baitan, orain artean zapaldu bako kokalekuetara eramango gaituzten praktika berrien bila. Has gaitezen, ba, arakatzen. Ordea, arakatzea zer da?

Arakatzea esploratzea da; miatzea, aztertzea, analizatzea... Inpultsua hartzeko bidean pausatxo bat egitea da, arakatzea. Elkarrekin eseri eta pentsatzea. Kuestionatzea. Eztabaidatzea. Arakatzea barrura begira jartzea da; nork bere buruari, nik zuri eta zuk niri, guk haiei eta haiek guri... Barrura begiratu eta geure argiguneen eta ilunpeen artean haztamuka ibiltzea da arakatzea. Deseroso sentitzea. Eta deserotasun horiekin guztiekin zer egin erabakitzea.

Araka ditzagun, beraz, gure bazterrak; gure ertzak, gure izkinak, gure mugak... Bazter partikularrak eta bazter konpartituak; bazter ezagunak zein ezezagunak; bazter kontraesankorrak; bazter gatazkatsuak... Araka ditzagun gure lagunarteak, gure militantzia esparruak, gure auzoak, gure herriak... Eta errepara diezaiegun, dagokigun ardurarekin, egunerokoan zeharkatzen gaituzten harreman kolonialei. Errepara diezaiegun gure praktika linguistikoei eta kulturalei.

Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean. Lanbroa legez hedatu baitira azken hilabeteotan pandemiaren albo-kalteak eta are ikusezinago bilakatu baitituzte lehen ere inbisibilizatuta zeuden kolektibo eta gatazka zenbait: zaintza krisia, prekarietatea eta arrakala soziala, xenofobia, indarkeria matxista... Arakatu ez eze, berrantolatu egin nahi ditugu gure bazterrak. Birkokatu eta zabaldu. Aliantza berriak sortzeko prestatu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!