Azaroak 16, Laudion

Aurtengo azaroaren 16an, Emakume* Abertzaleon X. Topaketa Feministan elkartuko gara Laudion.


Bi urtean behin antolatzen ditugun enkontru hauetarako lanean gabiltza jada ikasturte hasiera
honetatik. Topaketak gure estrategiaren berritze eta berrikuste gisa ulertzen ditugu.
Topaketak Bilgune Feministak daraman estrategiaren eta proposamen politikoaren logikan
kokatuko ditugu. Euskal Feminismoak, testuinguru hori aldetzeko arduraz jardun behar du,
eta norabide berdinean nahi dugu jardun Euskal Herriko Bilgune Feministatik. Euskal Herria
feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi dugun zehazten jarraitzeko
konpromisoan berretsi nahi dugu. Trantsizio feministaren oinarrietan sakontzeko jarraitzeko
gunea sortu nahi dugu.


Topaketak, egungo testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoan kokatuko dira, gaur egun
Euskal Herrian eta munduan ditugun erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak
bilatzeko. Amesten dugun mundu berri hori sortzeko narratiba eta iruditeri berrietan pentsatu
eta galdera berriak egin nahi ditugu. Ez ditugu erantzun itxiak nahi, baizik eta gaur egun
gailentzen diren tendentziak zalantzan jarri eta etorkizun berrietan, egingarrietan eta duinetan
pentsatzeko galdera berrien bila joan nahi dugu. Irudimena entrenatu nahi dugu, etorkizunean
pentsatu, orainaldi bizigarriagoak ere sortzeko. Munduaren eta etorkizunaren narratiba
berriak behar ditugu etorkizun hobeetan pentsatu eta horiek lortzeko. 


Noraeza nagusi den honetan, etorkizun desiragarriak marrazteko erronkari heldu nahi diogu.
Aldi berean, etorkizun desiragarri horiek, orainaldian materialki errealak diren
proposamenetan islatuz.


Dimentsio guztietan eragin nahi dugu. Proposamen integralak egiteko espazio eta denborak
partekatu nahi ditugu. Desiratzen dugun herria eraikitzeko urratsetan pentsatzeko ariketa egin
nahi dugu, gaur egungo urratsetatik abiatuta. Hori guztia egiteko, antolakuntza eta militantzia
feminista beharrezkoak ditugu, orotariko gune eta eremuetatik artikulatu nahi duguna. Gure
lanaren dimentsioa hedatu nahi dugu: auzoetan, herrietan, herrialdeka nahiz marko
nazionaletan. Egunerokotasunari lotutako esparruetan eta eremuz eremu inzidentzia
feminista artikulatzen jarraitu. Hedatu.


Horregatik, datorren azaroaren 16ko eguna gorde eta bertaratzeko gonbitea egin nahi diegu,
antolakuntza eta militantzia feminista honetan bat egin nahi duten kide eta bidelagunei.