EZTANDAK DARDARA GAITZALA!

Hogei urtez paradisuak erretzen… eztandak dardara gaitzala! Euskal Herriko Bilgune Feminista

2001ean Leitzan egindako Emakume Abertzaleon Topaketa Feministetan, agerian geratu
zen antolakunde feminista nazional baten beharra, eta 2002ko apirilean sortu genuen
Euskal Herriko Bilgune Feminista.
Hogei urte egingo ditugu paradisuak erretzen. Paradisu fiskala, familiarra, paradisu
kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta
bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik
kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, konfliktoan jarri, deserosoak izan. Eztanda
egin arte.
Hogei urtean errealitatea aldatu den heinean aldatu da Bilgune Feminista ere. Kolektiboan
diskurtsoak eta praktikak sortzeko prozesu etengabean bizi gara.
Ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen; ulertu dugu
emakumeak, euskaldunak, langileak, bollerak, transak, migratuak, gazteak, adindunak bizi
garela herri txiki honetan. Horregatik, erantzun eta egitura zurrunetatik aldenduta, formula
amaigabeen bila jarri gara.
Gatazkaren konponbide feminista mahaigaineratu dugu, subjektu politikoen eztabaida
biluztu genuen, lidergotza feminista kolektiboa josten gabiltza, gure begiradaz beste bat
eginez pribilegio zurien ardura hartzeko konpromisoan berresten gara, krisi anizkoitzaren
erdian, zaintzen sistema dardaratzen ari gara. Euskal Herriaren burujabetza feminista ipar,
paradisuak erretzen jarraituko dugu, denak eztanda egin arte!
Borrokarekin, bidaideekin, dardararen zirrararekin gozatu nahi dugu. Hogei urtetako ibilbidea
ospatzera goaz. Datozen hilabeteetan herrietan, plazetan, txokoetan eta gaztetxeetan
batuko gara. Bilgune Feministaren sarea indartzera goaz, Euskal Herri burujabe eta
feminista eraikitzera bidean. Ekainaren 11 eta 12an antolatzen ari garen Topagune
Feministan elkartuko gara, urteurrenaren eztandan.
Burujabetza feminista marrazteko paradisuak erretzen jarraituko dugu. Eztanda horrek
dardara gaitzala.
Gora borroka feminista!
Gora Bilgune Feminista!

2022ko urtarrila,
Euskal Herriko Bilgune Feminista