Erabaki bat da bollera izatea. Erabaki multzo bat, praktika multzo bat. Zer, nola, norekin, noiz, zenbat, zergatik, nondik, nora... Etengabe galdera horiei erantzuna eta kausa bilatzea, eta ahal bada topatzea. Topatutakoan horrekin zer egin erabakitzea. Norberaren esku dagoena eta ez dagoena, kolektiboaren esku dagoena eta ez dagoena, eta tartean lausotzen den guztia.
Etengabe desirak zalantzan jartzea, eta desirak bezala kategoria, identitatea eta generoa. Bollera izatea sistema heteropatriarkalari eta heteroarauari bide disidente bat irekitzeko tresna gisa ulertzen dugu. Tresna eta izateko espazio gisa.
Familia nuklearrari alternatiba bat eraikitzeko bide bat da bollera izatea. Bestelako harreman ereduak sortu eta gizartea bestela egituratzeko bideak egitea.
Bollera izatea ezin da ulertu ez bada kolektiboan. Egiturak, bestelako harreman ereduak eta bizitzeko moduak ezin direlako norbanako hutsez sortu. Ezinbestean behar dira norbanako disidente ugari sisteman eragiteko subjektu izango direnak.
Bollera egin egiten da eta ez da inoiz berandu bollera izatea erabakitzeko!