Herriko festak, eraso bat, erantzun bat eta kontran datozen oihuak. Bortxaketa bat, salaketa bat, sinesten ez gaituen justizia sistema bat eta amorrua. Erailketa matxista bat, polizien zalantza, instituzioen hitz hutsak. Arrazakeria feminismoz justifikatua. Eskuin muturra eta jarrera erreakzionarioak, transfobia eta antifeminismoa.
Nahasiak dirudite aipaturiko ideiek, baina egungo sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialista sostengatzen duten egituren piezak dira. Berau mantentzen duten gertakariak, hain zuzen. Azken hilabeteetan, feminismoaren eta feministon aurkako diskurtsoak eta praktikak inpunitate osoz ikusi ditugu kale, sare nahiz komunikabideetan.
Horren adibide dugu iragan udan zenbait herritan bizitakoa, eraso matxistak salatzeko ekintzetan, Mugimendu Feministak oldarraldi erreakzionario horren erantzuna jaso baitzuen bueltan: txistuak, oihuak, egindako lana etengabe auzitan jartzea… Feminismoaren deslegitimizazio argia.
Hori, baina, ez da ausaz gertatzen, arestian aipaturiko egituren ondorioz baizik. Sarri esan ohi dugu feministok ematen dugun urrats bakoitzeko etsaia oldartu egiten dela, bada, oraingoan ere hala izaten ari da. Eskuin muturrak eta posizio erreakzionarioek, diskurtso faxistak elikatzen dituzte, eta antifeminismoa, arrazakeria edo transfobia indartzen dute, gorrotozko diskurtsoak eta eraso zuzenak eraginez.
Instituzioek indarkeria matxista nahiz arrazista lehen mailako arazo politikotzat ez hartzea, gizonen arteko anaitasuna, gorputzen burujabetzaren aurkako diskurtsoa darabiltenak, feminista ez den justizia sistema ez dira kontu isolatuak. Horien guztien arteko aliantzan betikotzen dira zapaltzen gaituzten egiturak. Instituzioek indarkeriaren ulerkera murritza izateak nahiz Justizia Feministarik ez egoteak, ahalbidetzen du, adibidez, gizonek euren konplizitate sareak eraikitzen jarraitzea eta feminismoari zilegitasuna kentzea.
Horregatik, eta egiturek askotariko indarkeriak betikotzeko topatzen dituzten zirrikitu eta mekanismoei aurre egiteko, azken urte luzetan Euskal Herriko hamaika txokotan egin bezala, antolatzea besterik ez zaigu geratzen. Antolatzea eta autodefentsa feministari ekitea. Kalean, etxean, lantokian, jaietako egitarauetan, eszenatokietan, asanbladetan. Hamaika tresna martxan ditugu jada, eta beste hamaika prestatzen ari gara. Ez garelako menpeko harremanek sortzen dituzten askotariko indarkeriekin amaitu arte geldituko. Ardurak hartzen jarraituko dugu, baina, batez ere, ardurak hartzea exijitzen.
Lerratzeko exijitzen; feminismoaren alde, arrazakeriaren kontra, Justizia Feministaren alde, erasoen kontra, borrokarako sare eta aliantzen alde, anaidien kontra, egiturak apurtzearen alde, zapaltzen gaituzten egituren kontra. Ez dago erdibiderik, lerratu.
Gora borroka feminista!
Ekin autodefentsa feministari!
2025ko azaroan,
Euskal Herriko Bilgune Feminista