Ekainak 28.


 

Ezer gutxi uler dezakegu egoera isolatu gisa. Egungo mundua, egungo sistema heteropatriarkal kapitalista, dagokion konplexutasunetik ulertu behar dugu. Ezer gutxi gertatzen da ausaz, eta erakunde ezberdinetatik egun honekiko egiten den pinkwashingetik eta kapitalizazio saiakeretatik harago, kolektibo ezberdinek ematen diogun izaera politikoa ere ez da kasualitatea. 

Aurreko urtean erreferentzia egin genion Espainiako Estatuan onartu berri zen trans legeari, helmuga ez izan arren, eta nahikoa ez izan arren, pertsona askoren bizitzak bizigarriago egiteko zirrikitu posible gisa ulertzen genuela eta urte askotako borroken osteko lorpen gisa kokatzen genuela. Baina, ziurtasunik gabeko garaiak dira guretzat, eskuin muturraren gorakada eta mugimendu erreakzionarioen diskurtso esentzialistak mehatxu argia dira transmaribibollo kolektiboarentzat. Ez da kasualitatea eskuinak boterea eskuratu ostean egiten dituen lehen aldaketa proposamenen artean, gure gorputzen gaineko erabateko kontrolera itzultzeko proposamenak azaltzea, eta aurrerapauso ziren legeak berriz ere atzera bota nahi izatea. Argi geratzen da sistema heteropatriarkal kapitalista kolokan jartzen dugula, eta hori ez da haien interesekoa.

Gaur, ordea, identitateak, generoak eta kategoriak bizi eredu oso batekin lotzen ditugula aldarrikatu nahi dugu. Erabaki multzoak dira, praktika multzoak. Zer, nola, norekin, noiz, zenbat, zergatik, nondik, nora... Etengabe galdera horiei erantzuna eta kausa bilatzea, eta topatzeko ahaleginetan bizitzea. Topatutakoan horrekin zer egin erabakitzea. Norberaren esku dagoena eta ez dagoena, kolektiboaren esku dagoena eta ez dagoena, eta tartean gurutzatzen den guztia. Gure esku ez dagoena geroz eta gutxiago izateko borrokatzea. 

Erabaki horiek sistema heteroarautzaileari bide disidente bat irekitzeko tresna gisa ulertzen ditugu. Tresna eta izateko espazio bat. Familia nuklearrari alternatiba bat eraikitzeko bide bat. Bestelako harreman ereduak sortu eta gizartea bestela egituratzeko bideak, alegia.

Hori guztia ezin da ulertu ez bada kolektiboan, egiturak eta bestelako harreman ereduak eta bizitzeko moduak ezin direlako norbanako hutsez sortu. Ezinbestean behar dira norbanako disidente antolatu ugari sisteman eragiteko subjektu izango direnak. Eta norbanako guzti horiek, sistemaren aurrean erresistentziarako gorputzak izango gara eta erresistentziarako egiturak sortuko ditugu. Horrexegatik diogu erresistentziaz, estrategiaz eta kolektiboaz ari garela. 

Erresistentziaz, sistema heteropatriarkal kapitalistaren biolentzien aurrean lehen lerroan jartzen garen gorputzak garelako eta antolatuta gaudelako, estrategiaz egoteko eta izateko modu estankoetan sinesteari utzi geniolako eta kolektibotasunaz, ezin dugulako amesten dugun mundua eraiki ez baldin bada kolektiboan, garen horri kolektiboak ematen diolako zentzua.

Gora borroka transfeminista!

Gora borroka transmaribibolloa!