2024ko Azaroaren 25a
Indarkeria guztien kontra errebelatzen gara. Neoliberalismoak buru asko dituen munstro bakar batek bezala ekiten du munduko emakumeon* eta herrion kontra. Eta guk, aurre egiten diogu eta aldarrikatzen dugu; eremu ideologikoan, politikoan, kulturalean, juridikoan, ekonomikoan… Makroan eta mikroan.
Egunerokoan zanpatzen gaituelako indarkeria matxistak: Maitasun erromantikoa indarkeria da. Polizia etxeetan salatu ditugun tratu txar eta torturak, indarkeria matxista dira. Komunikabideek darabilten informazioaren trataera sexista, indarkeria matxista da. Erasoak gertaera isolatu eta zehatzak balira bezala irudikatzea, indarkeria matxista da. Soldata arrakala, indarkeria da. Migratzeko eskubidea zalantzan jartzea, indarkeria da. Heterosexualitatea indarkeria da. Lan banaketa sexuala, indarkeria da.
Gizontasuna ez da hautapen pertsonala, ezta jaiotzetik egokitzen den “munduan egoteko rola edo papera” ere, baizik eta jendartean onartutako kategoria bat, eta horrek, pribilegioekin dauka lotura zuzena. Gizon izateak, ezin du izan aukeratutako identitate bat. Jendartean maskulinitatearen araberako onarpena ematen da, eta horrek baliabide eta aukera zehatz batzuk jartzen ditu martxan. Horrekin esan nahi duguna hurrengoa da, gizontasuna pribilegio bat dela. Ondorioz, pribilegio horrek materialki eragiten die: goi karguetan egoteko ahalbidetasun handiagoa izatea, zaintzeko derrigortasunik ez edukitzea, ikusgarritasun handiagoa edukitzea, espazio publikoa gehiegi okupatzea, subjektu penetratzailea izatea eta ez penetratua, arrazoiaren ahotsa izatea… Horrela, emakume* eta sexu genero disidenteon zapalkuntza materialak ahalbidetzen ditu, eta horrek, hain zuzen, egiten gaitu emakume, bollera, trans, ez bitar… Beraz, gizona izatea, gizontasuna naturaltzat hartzea eta hortik atera nahi ez izatea, pribilegio horiei uko ez egitea da.
Horri guztiari aurre egiteko, beraz, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde altxatzen gara. Denbora daramagu indarkeria oro izendatzeko eta aurre egiteko lanean: marko ideologikoak sortzen, protokoloak diseinatzen, iruditegi berriak probatzen, politika feministak negoziatzen, integraltasuna exijitzen, kaleak hartzen eta kideak zaintzen. Indarkeriarik gabeko jendarte batean amesten dugu eta horretarako ardura hartzen dugu: konponbide izateko, dena aldatzeko.
Borroka antiarrazistak eta antikolonialistak, indarkeria gorputzetan ez ezik, lurraldeetan ere jasan behar izaten dugula gogorarazten digu. Zentzu horretan, zapaldu garen bezala, zapaltzaileak garela ulertu eta onartu behar dugu eta horrekiko ardurak hartu. Boterearen berrikuspen kritikoa egin behar dugu, desiratzen dugun Euskal Herri Feminista eta Dekoloniala eraiki nahi badugu. Eta horretarako, jabetze eta desjabetze prozesuak beharrezkoak ditugu dimentsio guztietan; indarkeria transistemikoak mahaigainera ekarriz. Zapalkuntza sistema ezberdinak gure gorputzetan adierazten direla onartuz, indarkeria jasaten ditugun subjektu guztiak erdigunera ekarri behar ditugu, eta hauek horrela aitortu.
Beraz, argi dugu emakumeonganako* indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraituko dugula, gure artean saretzen, feminismotik eragiten, proposamen integralak egiten, barne lanketak eta autokritikotasunetik diharduten, baita indarkeria honen arduradunak diren gizon, instituzio, eta orokorrean, sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala salatzen eta interpelatzen ere. Ikastetxeak, etxeak, lantokiak, kaleak, militantzia espazioak... autodefentsa feministaz bustiko ditugu.
Gora borroka feminista!
Gora autodefentsa feminista!
Gora Bilgune Feminista!
2024ko azaroan,
Euskal Herriko Bilgune Feminista