Ekaina 10 I Tabakaleran

GORPUTZEN BURUJABETZA
I. Topaketa

Iristear da ekainaren 10a eta duela aste dezente iragarri genuen data gordetzeko, Bilgune feministatik Gorputzen Burujabetza I. Topaketa izenarekin egun polita antolatzen ari ginela. Bada, aurreko astean zabaldu genuen egitaraua eta agertzen diren mahai-inguruen izenburuek nahiz bertan agertzen diren izenak ikustea besterik ez dago, zer hausnartua izango dugula ondorioztatzeko.

Bilgune Feministako iaz 20 urte bete zituen eta ordura arte egindako bidea gogoratzeko parada izan genuen; egindako lana gogora ekarri, ospatu, aurrera begirako erronkez hitz egin, proposamen politikoan sakondu, ildo ezberdinei segida eman...azken horri lotuta antolatu dugu topaketa hau.

 

Izan ere, Bilgune Feministan urteak daramazkigu gorputza erdigunera ekarriz eta gorputzaren politikotasunaz hizketan. Aurreko urteko ekainaren 28ko kartelari eta leloari erreparatu besterik ez dago, gorputza politikoa da zioen lelo nagusiak. Horri tiraka iritsi ginen gorputzen burujabetza kontzeptura. Badakigu terminoa bera oso zabala izan daitekeela eta gutako bakoitzari etor dakioken lehen ideia oso ezberdina izan daitekeela. Horregatik, hain zuzen, asmoa dugu aurrera begira ere topaketa gehiago egiteko, ideia horiei ahotsa eman asmoz. Aurtengoan, oraingoz, egitarauan ageri dena izango da.

 

Goizean, Jule Goikoetxea eta Mijo Lizarzaburu arituko dira gorputzaz eta materialismoaz, ondoren, Danele Sarriugartek dinamizatuko du Mer Gomez aktibista intersexak eta Tal Madesta aktibista transak osatutako mahai ingurua, gorputzen burujabetza, nondik eta nora. Jarraian, bazkaltzeko luntx ederra antolatu dugu. Arratsaldeko saioa Mireia Delgadok dinamizatuko du eta Eva Perez, Lizar Begoña eta Elena Olave idazleak arituko dira lerro arteko disidentziaz. Egunari amaiera emateko, Anais Córdova-Páezen eskutik film labur ezberdinak ikusteko aukera izango dugu, beste gorpuztasun batzuez arituko gara bertan.

 

Beraz, ez ahaztu eta eman izena lekurik gabe geratu baino lehen!

labur.eus/GorputzenBurujabetzaI

Euskal Herriko Bilgune Feminista