Bizi eta lan denborak nahastu zaizkigu erabat. Nahastu zaizkigu lantokia eta etxea, inoiz banatuta egon izan badira… Aldrebestu dira kolektibotasunak eta indartu inertziak. Egunero garestiago da bizitzea eta langileria zatikatuta dago. 

Kapitalismoak bere erreprodukzioari eusteko nahian bizitzaren aurkako etengabeko ofentsiba batean dago, gero eta modu oldarkorragoan. Birbanaketa eta justizia sozialaren klabeetatik urrun, merkantilizazio eta pribatizazio etengabean, logika kapitalista heteropatriarkal kolonialean murgilduta gaude. 

Denon bizitzak erdigunean jartzea eta honen aldeko borrokan antolatzea, beraz, patronala seinalatzea da eta hau sostengatzen duten instituzio heteropatriarkal eta kapitalistak jo mugan jartzea. Denon bizitzaz hitz egitea Euskal Herriko askotariko emakume langileon bizitzaz hitz egitea da, gure esplotazio eta zapalkuntza egoera espezifikoetatik bizitza bera defendatzea.                                                                                                                                           

Euskal Herriko Mugimendu Feminstak transformaziorako prozesu bat jarri du martxan. Gure arteko desorekak identifikatu eta izendatzera ausartuta, norbera bere kokalekutik abiatuz, elkartzen gaituen marko politiko komuna eraikitzen ari gara: Zaintza sistema eraldatzea, dena aldatzea delako. 

Zaintza lanei erreparatu diegu, bizitza eusteko beharrezkoak diren lanei. Lan baldintza bidegabeen aurrean antolatu gara, aterabide konkretuak exijitzeko. Bizitzeko ezinbestekoak diren bizi baliabideak eskuratzeaz mintzo gara eta horretarako feminismotik klase borroka eraberritu bat hauspotzen gabiltza. Bazterrak erreparatzen gabiltza, zuritasunak eta atzerritartasun legea iraultzeko. Lurraren mugez jabetu eta hau zaintzeko konpromisoak josten ari gara.  

Egungo mundua ezin dugu termino, identitate esentzialista eta dikotomia antzuetan ulertu. Horregatik beharrezko ditu aliantzak, eztabaida parteketuak eta bide-orri partekatu bat. Indarrak metatu behar ditugu eta horretarako borroken arteko loturak egitea izango da gure aizkorarik zorrotzena. 

 

Amestu, elkarlotu, aizkorak zorroztu!

Gora langileon borroka!
Gora borroka feminista!

Euskal Herriko Bilgune Feminista
2023ko maiatzean