KALEAK PLAZEREZ BETETZEKO
BORROKAN ARI GARA.
Uda garaia iristeak, jai herrikoien garai betean sartzearekin batera, aldaketa nabaria dakar espazio publikoaren erabileran; kontzertuak, herri bazkariak, gaueko aisialdiaren eskaintza zabala, eta abar. Laburrean esanda; jendez biderkatzen dira plazak.
Feministok aspaldi ikasi genuen auzo eta herrietako jaiak ez daudela eraso matxista eta arrazistez salbu, batzuetan are agerikoagoak izateraino. Testuinguru honetan ere, emakumeek*, gorputz disidenteek eta gorputz arrazializtuek jasaten dute egiturazko biolentzia hori, eta horrenbestez, espazio horiek ez dira toki segurua askorentzat. Horrek etengabe autodefentsa feminista eta erantzunkizun kolektiboa aldarrikatzeko posizioan jartzen gaitu. Erasoen prebentzioan nahiz erantzunean.
Garai nahasiak bizi ditugu; autoritarismorako joerak, jarrera erreakzionarioak, eskuinaratze prozesuak, faxismoa eta antifeminismoaren gorakada. Hori horrela izatea ez da kasualitatea, ezkerrean nahiz eskuinean bizirik dirauen ideologia eta sistema patriarkalaren ondorioa baizik. Ez da kasualitatea ezkerreko sektore batzuetan eskuinaren marko diskurtsiboak etengabe erreproduzitzen aritzea, feminismoaren eta feministon aurkako espazio “legitimo” bat ireki nahian. Eta feminismoak, Euskal Herriko Mugimendu Feministak barne, izan duen gaitasun iraultzaile eta mobilizatzaileari esker gizon zuriaren subjektua arrakalatzea lortu dugunean etorri da. Pribatizazio eta pobretze orokortuarekin batera, noski. Baina ez da kasualitatea erreakzionatzen ari direnak gizonak izatea, orohar, eta ez sistema zisheteropatriarkal kapitalista arrazista eta kolonialak zapaldutako askotariko subjektuak; emakumeak*, transak, bollerak, migratu eta arrazializatuak.
Aipaturiko jarrera eta erreakzio horiek hainbat diskurtsotan islatzen dira egun; antipunitibismoaren izenean mozorrotzen den inpunitateak indarkeria matxistagatiko salaketak zalantzan jartzen ditu, erasoa jasan duen pertsona ez ezik, Mugimendu Feminista ere kriminalizaztuz eta deslegitimizatuz. Edota feminismoaren aitzakipean, jokabide eta diskurtso arrazistak izan eta eraikitzen dira, eta hor, gizonek ez ezik, txuri orok hartu behar dugu arrazakeriara pasabide izan daitezken diskurtso eta jarrerak mozteko ardura, aliantza txuriak mozteko agente aktibo izanik.
Ez gara hutsetik hasten. Mugimendu Feministan ibilbide luzea egin dugu. Egunero ari gara bide berriak eraikitzen erasoen aurrean zein datozen olatu erreakzionario eta zisheteropatriarkalei erantzuteko. Ondo dakigu testuinguru konplexu honek analisi konplexuak behar dituela berauren aurka borrokatzeko. Horren aurrean, gure apusturik sendoena askotariko ertzetatik eraikitako autodefentsa feminista da; ez soilik erantzun gisa, baita bizitzak erdigunean jartzeko tresna politiko gisa ere. Festak eta kaleak aldarriz betetzeko, plazeretik lehen lerroa hartzeko, espazio seguruak eta gozagarriak eraikitzeko. Plazak eta boterea eskuratzeko.
Antolakuntza feministaren bitartez, sormenetik eta kolektibotasunetik, elkar zainduz nahiz aliantza eta sare feministak ehunduz, kaleak plazerez betetzeko borrokan ari gara. Euskal Herri feministarako bidea trazatzen ari gara. Dena aldatzeko ari gara.
Gora autodefentsa feminista!
Gora borroka feminista!